Sartu

martes, 22 de enero de 2013

Bilbao Basketek beharrezkoa du garaipena, Europan bizirik jarraitzeko.

Fotis Katsikarisen mutilek Valentzia Basket bai ala bai gainditu beharko dute Miribillan, Last 16ko lehenengo bi partidak galdu ondoren.

Bilbao Basket-Valentzia Basket.
Uxue Bilbao Basketek bai ala bai gainditu beharko du Valentzia Basket Bilbao Arenan, Eurokopan bizirik jarraitzeko. Katsikarisen mutilek Last 16ko aurreneko bi neurketak galdu dituzte, eta ezin dute gehiago hutsik egin. Beraz, Miribillako norgehiagoka (asteazkenean, 20:30ean) hil edo bizikoa izango da.
CEZ Nymburk taldeak ezusteko eman zuen Bilbao Arenan 83-85 irabazita, Last 16ko aurreneko jardunaldian, eta VEF Rigaren aurka galdu ondoren, Uxueri txapelketa oso aldapa gora jarri zaio. Letoniako taldeak jipoia eman zion Bilbao Basketi (99-76), eta Fotis Katsikarisen mutilak jota gelditu ziren. Eurokopa aurreneko fasea porrotik ezagutu gabe gainditu ondoren, Bizkaiko taldeakatzerapauso arriskutsua eman zuen.
Urtarrilaren 6an, bi taldeek Endesa Ligako norgehiagoka jokatu zuten Fontetan, eta Perasaovicen gizonek garaipena lortu zuten, luzapenean (113-111). Partida oso borrokatua izan zen, eta Eurokopakoa ere ikusgarria izatea espero da.
Read More

Juventusek onartu du Llorente uztailaren 1ean helduko dela

Giuseppe Marotta Turineko taldeko zuzendari nagusiak baztertu egin du Errioxako aurrelaria urtarrilean fitxatzea, eta uztailaren 1ean Juventuseko jokalaria izango dela onartu du.
Fernando Llorente.
Giuseppe 'Beppe' Marotta Juventus taldeko zuzendari nagusiak baieztatu du Fernando Llorente Athleticeko jokalariak"uztailaren  1etik aurrera" jokatuko duela Italiako taldean, eta neguko merkatuan helduko denik gezurtatu egin du.
"Txapelketa irabazi zuen taldea hobetzeko aukerarik aurkitzen badugu, neguko merkatura joko dugu. Llorenteri dagokionez, baikorra naiz bere kontratazioarekin. Gurekin jokatuko du uztailaren 1etik aurrera", ziurtatu dio Turingo taldeko agintariak Radio 24 irrati  italiarrean. Halere, Athleticeko aurrelari errioxarra urtarrilean fitxatzeko aukera ez du baztertu.
‘La Gazzeta dello Sport' egunkariaren asteleheneko edizio digitalaren arabera, Llorente uztailetik aurrera Juventuseko jokalari izateko akordioa datozen orduetan itxi daiteke. Aurrelariak lau urterako kontratua sinatuko luke, 2017ra arte, eta urtero 4,5 milioi euro kobratuko lituzke, gainsariez gain.
Read More

Euskal Selekzioa 2014ko Munduko Kopa irabazteko gai dela diote AEBetan


bleacherreport.com webguneak publikatzen duenez, euskal jokalariekin osa daitekeen taldeak munduko selekzio onenen mailan egoteko gaitasuna du.
  • Aduriz, Xabi Prieto eta Xabi Alonso Euskal Selekzioaren gol bat ospatzen.
Euskal Selekzioa nazioarteko mugak gainditzen ari da pixkana.Munduko Liga onenetan (BBVA Liga, Premier Leaguea edo Bundesliga) dauden euskal jokalari asko maila bikaina ematen ari dira, eta nazioarteko komunikabideak horretaz ohartu dira.
Kasu honetan bleacherreport.com (San Francisco, Kalifornia) AEBetako webguneak publikatu du Euskal Selekzioaren inguruko artikulu bat. Webgune honek publikatu duenez, "Euskal Selekzioak 2014ko Brasileko Munduko Txapelketa irabazteko gaitasuna izango luke". Euskal futbolarien kalitatea eta joko maila goraipatu dituzte.
"Espainia da munduko futbol selekziorik onena, eta espainiarrak dira Brasileko Munduko Kopa irabazteko faboritoak", irakur daiteke Bleacherreport.com webguneak Euskal Selekzioaren inguruan egin duen artikuluan."Bartzelonak azken urteetan lortutako tituluen ondorioz, Espainiako selekzioaren giltza Barçako jokalariek dutela esaten da, eta Kataluniako jokalariak goraipatzen dira, baina hauek ez dira nahikoak Espainiaren nagusitasuna mantentzeko", esan da bleacherreport.com-en.
Euskal Herriak jokalari bikainak dituela gogoratu du webgune amerikar honek: "Euskal Herriak ez du aurkaririk futbolarien sormenean. Selekzio honen deialdian sartzeko Euskal Herrian jaioa izan behar zara, Nafarroa barne".
bleacherreport.com-en Euskal Selekzioaren deialdian egon daitezkeen jokalari hauek aipatu ditu: Iraizoz, Iñigo Martinez, Azpilicueta, Iraola, Javi Martinez, Monreal, Xabi Alonso, Arteta, Beñat, Susaeta, Muniain, Raul Garcia eta Fernando Llorente.
Webgune estatubatuarrak ez du zerrenda osoa eman, ezagunenetakoak diren jokalariak aipatu ditu, baina zerrenda hau ondorengo jokalariek osa lezakete: Garrido, Xabi Prieto, Illarramendi, Agirretxe, Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Ekiza, Amorebieta, De Marcos, Ander Herrera, Aduriz edo Kike Sola jokalariek, besteak beste.
Read More

ASETASUN INKESTA

Read More

ZER IKUSI GAUR TELEBISTAN (klikatu)

Read More

sábado, 15 de diciembre de 2012

Hartu du lehendakari makila Urkulluk


Ofizialki, Iñigo Urkullu EAJko kidea da gaurtik aurrera Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria. Gernika-Lumon egin dute ekialdia, eta han pasatu dio lehendakari makila Patxi Lopez azken legealdiko buruak.

Kargu-hartzeko hitzaldian, protokolozko hitzak betez, Espainiako koroari eta Konstituzioari "leial" izango zaiela esan du Urkulluk, eta "errespetua" gordeko diela. EAEn "estatuaren ordezkari arrunta" izango dela ere adierazi du.

Eusko Legebiltzarrak asteazkenean izendatu zuen lehendakari, gehiengoz sinplez —EAJren 27 legebiltzarkideen botoekin—. Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak 21 boto jaso zituen. Besteak —PSE, PP eta UPDkoek— abstenitu egin ziren.

Lehendakaritzak atzo jakinarazi zuen gobernu taldea: Juan Mari Aburto, Arantza Tapia, Ricardo Gatzagaetxebarria, Estefania Beltran de Heredia, Josu Erkoreka, Cristina Uriarte, Jon Darpon eta Ana Isabel Oregi. Astelehenean hartuko dute kargua. Jaurlaritzaren lehen bilera asteartean izango da.
Read More

Gutxienez 27 hildako AEBetan, 20 haur tartean, tiroketa batean




Gutxienez 27 hildako, Connecticuteko eskola batean izandako tiroketanGutxienez 27 pertsona hil dira, horietatik 5 eta 10 urte arteko 20 haur, AEBetako Newtown (Connectitut) hiriko lehen hezkuntzako ikastetxe batean izan den tiroketa batean, Poliziak baieztatu duenez.
Guztira, 18 haur eta 6 heldu hil dira ikastetxean, tartean erasotzailea. Beste 2 haur ospitalean hil dira, eta zazpigarren heldu hildako bat ere aurkitu dute, Poliziak argitu ez duen toki batean.
Poliziak ''behin-behinean'' identifikatu du hiltzailea, eta, ustezko erasotzaile Ryan Lanza omen da, 20 urteko gizonezkoa. Ikastetxean hildakoetako bat da, Poliziak emandako datuen arabera. Goizean goiz sartu omen da Lanza Sandy Hook ikastetxean, soinean maskara bat, balen kontrako txalekoa eta lau arma zituela.
Halaber, Lanzaren aitaren hilotza ere aurkitu du Poliziak, New Jerseyko etxebizitza batean, eta, zenbait komunikabideren arabera, Lanzaren ama ikastetxean hildakoen artean ere egon liteke.

Nahasmena komunikabideek emandako informazioetan
Komunikabide gehienen arabera, ikastetxeko zuzendaria eta psikologoa ere hildako artean egon litezke. Zenbait komunikabideren arabera, hildakoetako bat Ryan Lanzaren ama da, ikastetxeko irakasleetako bat.
ABC telebistak aipatutako iturriek jakitera eman dutenez,  gizon gazte batek egin du erasoa, lau arma eta balen aurkako txalekoa soinean zuela ikastetxean sartu ondoren.
Fox News kateak iragarri duenez, ikastetxeko ikasle baten aita izan liteke erasotzailea.
NBC kateko iturrien arabera, bestalde, tiroketarekin zerikusia duen pertsona bat agintarien esku dago. Halaber, erasoa bi lagunen artean egin dutela diote zenbait hedabideek; baina, momentuz, ez dago konfirmazio ofizialik.
Connecticuteko Polizia bozeramaile batek argitu duenez, ikastetxearen inguruetan egoera ''segurua'' da dagoeneko. Gertaera 09:40ean jazo da (15:40 Euskal Herrian) Newton hiriko Sandy Hook lehen hezkuntzako ikastetxean. Antza denez, erasotzailea eskolako bulego nagusian sartu eta tiro egiten hasi da, 100 tiro inguru guztira.
Lau eguneko dolua
Barack Obama AEBetako presidenteak lau eguneko dolua ezarri du. Hunkituta eta negar malko artean hitz egin du Obamak kazetarien aurrean, eta herrialdeko gainerako gurasoek egingo duten moduan, alabak besarkatuko dituela adierazi du. Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen hitzetan, “azken urteotan antzerako tragedia gehiegi bizi izan ditugu”.
“Guztiok bat egin, eta horrelako tragediak eragozteko neurriak hartu beharko ditugu”, gaineratu du.
Armen kontrolerako legea
NewTownen jazotako sarraskiak saihesteko armak kontrolatzeko legea eskatu du Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak. Ohar baten bidez Bloombergek adierazi duenez, legerik gabeko egun bakoitzeko "34 lagun hil ohi dira". "Tragedia berriak ekiditeko berehalako ekintza beharrezkoa da", azpimarratu du.
"Letrak irakasten dituen ikastetxeak ere ez dira seguruak. Columbinen jazotakoaren ostean, armak kontrolatzeko legea izateko goizegi zela esan zuten, eta gauza bera entzun genuen Virginia Tech, Tucson, Aurora eta Oak Creek herrialdeetan izandako sarraskien ondoren", deitoratu du alkateak, "itxaroten dugun egun bakoitzeko armekin 34 lagun hil ohi dituzte".
AEBetan izan den tiroketarik larrienetako bat
Azken urteotan AEBetan izan den tiroketarik larrienetako bat da New Yorketik 130 kilometrotara dagoen Newtown hiriko tragedia.
Hildakoen kopurua kontuan hartuta, 2007tik hona ez da antzeko tragediarik izan. Urte hartako apirilaren 16an 33 lagun hil ziren Virginiako Unibertsitatean izandako tiroketan (erasotzailea ere hil egin zen).
Aurretik, 1996aan, gizonezko batek tiroketa egin zuen Austin (Texas) hiriko unibertsitatean. Orduan 16 lagun hil eta beste 31 zauritu ziren


Read More