Albisteak


10 urte barru espainiarren % 40 txiroa izango dela aurreikusi dute.Egun indarrean dauden zorroztasun neurriak eta murrizketa sozialak mantentzen baldin badituzte, 10 urte barru Espainiako herritarren % 40 txiroa izango dela ohartarazi du Intermon Oxfam erakundeak.''Krisia, desberdintasuna eta pobrezia'' izeneko txostena kaleratu dute, eta, bertan bildu dituzten datuen arabera, Espainiak 25 urte beharko ditu gizarte ongizatea berreskuratzeko. Latinoamerikak eta Asia ekialdeak berriki jasan dituzten krisiak aztertu dituzte, eta herrialde horietan 15 eta 25 urte artean behar izan dituzte pobrezia maila krisi aurretiko egoeretara jaisteko.
Halaber, lurralde horietan ezarritako murrizketa neurriek pobrezia eta desberdintasun handiagoa eragin zituztela azpimarratu dute.
''Espainiako egungo politikak aldatzen ez badira,, bi edo hiru hamarkada beharko ditugu 2008 aurretik geneukan egoera berreskuratzeko'', azaldu du Jose Maria Vera Intermon Oxfam erakundeko zuzendariak.
Datozen 10 urteotan pobreziak eta gizarte bazterketak nabarmen gora egingo dutela aurreikusi dute, eta, hala, erakundearen aurreikuspenen arabera, 18 milioi txiro egon litezke Espainian 10 urte barru (herritarren % 38). Egun batez beste hori % 27koa da (12.700.000 lagun, alegia).
Lau urtez krisian murgilduta egon ondoren, Espainia da Europar Batasuneko herrialdeen artean herritarren bizimoduen arteko desberdinatasunik handiena duena.


Urkullu lehendakari


Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu dute EAJko kidea, jeltzaleen 27 botoak jasota, gehiengo soilez. Mintegik EH Bilduren 21 botoak jaso ditu, eta PSE, PP eta UPD abstenitu egin dira. Urkulluk esan du "akordioaren legealdia" izatea duela helburu, eta espero du "denon artean autogobernuaren indartze lanean" ariko direla. Larunbatean izango da Urkulluk kargua hartzeko ekitaldia, Gernika-Lumon, eguerdian.

Alerta laranja ostegunean eta ostiralean, haize-bolada gogorrengatik


Alerta laranja ezarriko du Herrizaingo Sailak, ostegunean eta ostiralean.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarriko du ostegunean (21:00etatik 00:00etara) eta ostiralean (00:00etatik 15:00etara) EAEko leku babesgabeetan, orduko 120 kilometrorainoko abiadura har lezaketen haize-boladak direla eta.
Halaber, ostegunean, gainerakoan, abisu horia izango dute ordu tarte horretan, orduko 80 kilometrorainoko haize-boladak espero baitituzte.
Horrez gain, Herrizaingo Sailak abisu horiak ezarriko ditu bihar (15:00etan eta 21:00etan), itsasaldean eta mendialdean, orduko 100 kilometrorainoko haize-boladak espero baitituzte.
Gainera, ostiralean beste bi abisu hori ezarriko ditu haize-bolada bortitzengatik. Lehenengoa 00:00etan hasi eta 15:00etan amaituko da, eta haize-boladak 80-90 km/h-koak izan litezke. Bigarrena 15:00etatik 21:00etara izango da, leku babesgabeetan orduko 100 kilometrorainoko haize-boladak espero baitituzte.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, asteazken arratsaldean hego haizea indartzen joango da, eta egunaren azken orduetan, leku babesgabeetan, haize-boladak 80-90 km/h-koak izatera irits litezke.
Ostegunean, haizeak indar handiagoa izango du, eta hego-hegomendebaldeko haize-boladak orduko 100 kilometrorainokoak izan litezke leku babesgabeetan, batez ere mendietan. Gauean, 120 km/h-koak izan litezke.
Gainerakoan haizea ere nabarituko dute, batez ere egunaren amaieran; orduko 80 kilometrorainoko haize-boladak izan litezke. Goizaldean eta ostiraleko lehen orduetan, haize-ufadak bereziki bortitzak izango dira; leku babesgabeetan, 120 km/h-koak, eta 80-90 km/h-koak, babestuetan. Arratsaldetik aurrera, haizea baretzen joango da, baina 100 km/h-ko haize-boladak izan litezke oraindik ere leku babesgabeetan, eta 80 km/h-koak, babestuetan.
Hala eta guztiz ere, datozen egunetan iritsiko den fronteak haize-bolada gogorrak utziko dituen arren, ez du euri askorik egingo.

ATHLETIC-EIBAR


Zuri-gorriak eta armaginak nor baino nor ariko dira asteazken honetan San Mamesen, 20:00etan. Ipuruan jokatutako joaneko partidan golik gabeko berdinketa eman zen (0-0).Athleticek Eibar izango du aurkari asteazken honetan Errege Kopako final-hamaseirenetako itzulerako partidan. San Mamesen jokatuko da norgehiagoka, 20:00etan. Joaneko partidan 0-0 berdindu zuten Ipuruan, eta armaginek garesti salduko dute final-zortzirenetarako txartela.Marcelo Bielsa entrenatzaileak Athleticek aterako duen hamaikakoa baieztatu du, eta hauek izango dira Eibarren aurka hasieratik jokatuko duten jokalariak: Raul, Ramalho, Amorebieta, Ekiza, Aurtenetxe, San Jose, De Marcos, Herrera, Ibai, Llorente eta Muniain. Iraizoz,  Iturraspe, Susaeta, Aduriz eta Laporte ere deialdian sartu dira.

0 comentarios: